XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Desberdinak dira, horrenbestez, erregularitatearen plazerra eta betebehar elementuaz osatutako jokabideak, zeren azken hauei, soilik, deituko die erregela zentzu zehatzean.

Haurrak, bere bizitzaren hastapenetan, talde-erregela kanpotik datorkion zerbait bezala entelegatzen du gizartearekiko.

Gerora jaioko zaio kontzientzi autonomiaren jabetza, haurrak talde-erregela barneratzen hasten den neurrian.

Horrela, badira bi errespetu-mota:

a) Legeekiko entelegatzen duen errespetu mistikoa, hau da, eduki baten aplikapen arrunta.

b) Legekiko errespetu arrazoituari dagokion erregela bakoitzekiko behaketa arretatsua.

Lengoaiaren bidezko komunikazioa ematearekin batera, haurra sozializatu egiten da.

Zentzu honetan, Piaget-ek dioskunez, haurra berehala jabetzen da helduon lengoaiaz, kontzeptu orokor eta abstraktuez.

Berkeley-ek, aitzitik, bestelako hau gogorarazten du: nozio abstraktuak osatzea lan handia eta konplexua gertatzen zaio haurrari, agitz kostatzen zaiolako.

Elkarrekiko imitazioa ematen den une beretik ematen da ere erregelen ikaskuntza, baina aurrez azter dezagun, egozentrismo deritzon aroa zertan datzan.

Garai honetan haurrak erregelak ikasten ditu, baina erabat irudimenaz baliaturik, zeren egozentrismoa jokabide indibidual eta sozialen bitarte horretan kokatzen baita.

Esan nahi baita, haurrak material kolektibo batekin jolasten duen arren, egiazki, indibidualki jolasten duela, ez baitu aldamenekoa kontrolatzen.

Horregatik, etapa honetan, elkarrekin jolasean dihardutelarik, normak ez dituzte bateratzen; irabazi egiten dute, baina beti beren ikuspuntu propiotik begiratuta, berentzako jolasten baitute, izan ere.

Haurrak batetik desio du gainontzeko kideekin jolas egitea, presentzia fisikoa eskatzen du, baina, bestalde, berehala ontzat ematen du, berak baino ez duen jolasteko manera berezia.

Horregatik esan ohi da, honakoari plazer motorea deritzola eta ez plazer soziala.

Aldamenekoa ez da benetako kidea, ez lehiakidea ere, apenas axola dion lagunak zer egiten duen, eta ingurune honetan erregelen oharrak ázaltzeak ez du berehalako eraginik.

Harremanik errealki ez dagoenez, gezur fidela izenaz ezagun dena ematen da: egiaren jabetza berea dela sinisten du bete-betean.

Hizkuntzari dagokionean ere, haurra fisikoki kolektibitatean egon arren, monologoan mintzatzen da beti, beretzat mintzatzen da.

Dena den, norbaiten presentzia aldamenean izatea, gogoz desiratzen dute.

Eta, orduan, norekin mintzatzen da haurra?

Barruan daraman helduarekin.

Lau etapak laburbilduz:

1.- Erregularitate indibidual sotilak.

2.- Helduen imitaziozko egozentrismoa.

3.- Kooperazioa: kultura, zentzu zabalean.

4.- Erregelekiko interesa eta desira.